Bilboko Udalak antolatutako MUSIKA-MÚSICA Jaialdiak 22.000 asistentzia baino gehiago jaso ditu, Arriaga Antzokian eta Euskalduna Jauregiko hainbat aretotan aldi berean egindako 70 emanaldi baino gehiagotan. Musika sinfonikoa, ganbera-musika, errezitaldiak eta opera-musika, familientzako saioez eta “Zinema arratsaldea” saioaz gain, gustu guztietarako proposamenekin osatutako programazioa izan da, eta sarrerak agortu dituzte asteburuko 24 saiotan, Arriaga Antzokiko irekiera-kontzertua eta Euskalduna Jauregiko Aditorioko itxiera-kontzertua barne.
“Hiru egunez, publikoa Jaialdira musikaz gozatzera hurbildu da, pandemiaren aurreko datuak berdintzen”, antolakuntzak adierazi duenez: “22 edizioren ostean, MUSIKA-MÚSICA erreferentziazko Jaialdia da, Bilbo musika klasikoaren Europako hiriburu bihurtzen duena eta Estatu osoko eta Frantziako bisitariak erakartzen dituena. Martxoko lehen asteburuan MUSIKA-MÚSICA nazioarteko hitzordua da musika klasikoarekin”.
“Notak & Letrak” izenburupean, besteak beste, Beethoven, Liszt, Chaikovski, Purcell, Schubert, Schumann, Bizet, Strauss eta Marais bezalako konpositoreen eta Byron, Virgilio, Goethe, Ibsen, Ovidio, Cervantes, Shakespeare eta Tolstoi bezalako literaturagileen lanen bidez, musikan inspiratzen den literaturari eta literaturan inspiratzen den musikari eskaini zaio Jaialdia.